Zeanuriko herria

Zeanuri

Zeanuri edo Zeani,  bertan bizi garenok esaten dugun moduan, Arratia araneko herrien artean, biztanle kopuru aldetik laugarrena da, 1250 biztanlerekin. Gorbeiako mendiaren magalean dago eta Bizkaiko hirugarren herririk handiena da hedadurari dagokionez. 67 km2 ditu ia ia.

Kirola eta kultura besoz beso joan dira beti Zeanurin. Esku pilotak indar handia izan du beti Zeanuriren historian. Ohikoa da Zeanuriko frontoietan neska-mutilak jolasean ikustea.

Mendizaletasuna ere oso estuki loturik egon da Zeanuriko herritarrekin. Horregatik, Gorbeia Suzien lasterketaren sorrera oso modu naturalean gauzatu zen eta gure herrian urtero antolatzen ditugun ekitaldi anitzen artean garrantzitsuenetako bat bihurtu zen sortu bezain laister. Lasterketaren arrakasta herritarren laguntza ordainezinari esker lortu dugu. Esker oneko hitzak besterik ez ditugu zeanistarrekiko, beraiek  gabe ezin izango genuke lasterketa erraldoi eder hau antolatu.

Jarraitu irakurtzen

Zeanuri ezagutzen ez duenarentzat argazki labur bat honako hau izango litzateke: Auzo asko dituen herria da, biztanleria nahiko sakabanatuta dagoelarik. Herritik kanpora joaten dira gehienak lan egitera, herrian ez baitago enpresa gunerik. Biztanle kopuru urria izanda, elkar ezagutzen dugu denok eta nahiko herri parte-hartzailea gara antolatzen diren ekintzetan. Esaterako, duela urte batzuk Gontzal Mendibil herritarraren zuzendaritzapean “Olentzaro” eta “Iparragirre” antzerkietan partaide izan ginen herritar asko ta asko. Bestalde, gabonetan egin ohi dugun auzo-arteko herri kirol lehia arrakastatsua izaten da, baita ute-sasoi horretan antolatzen  dan gabon kulturala ere.

Lehen aipatu dugun moduan, Zeanuri hedaduraz Bizkaiko hirugarren handiena da. Gorbeiaren altzoa izanik, paisaia eta leku zoragarriak ditu, jende askok ezagutzen ez dituenak, ezta herritarrek eurek ere. Gorbeia Suzien lasterketa antolatzearen arrazoietako bat horixe bera izan zen, Gorbeia eta bere inguruak ezagutaraztea. Zeanuriko herria beti egon izan da naturari  eta mendiari lotuta, eta horren adibide da herrian sortu zen Joko Alai Kirol Elkartea, azken hamarkadetan mendi irteerak antolatu izan dituena, beste kirol batzuk bultzatzeaz gain. Beste adibide argi bat Ipizki taldearena ere bada, natura, Zeanuriko ondarea eta ohiturak mantentzen eta berreskuratzen ahalegindu den elkartea.

Tradizioa Zeanuriren osagai garrantzitsu bat da eta aipatzekoa da maiatzaren 15eko San Isidro jaietako azoka. Abeltzainen egun honetan jai eguna ospatzen dugu, goizez artisau eta abereen azoka antolatzen dugu eta arratsaldez idi-probek ikusmin handia eragiten dute. San Isidro jaiez gain, herriko jai nagusia abuztuan ospatzen dugu, Andra Mari jaiak hain zuzen.

Tradizioari lotuta Zeanuri ondare kultural handiko herria da eta horren harira, urtero-urtero ermiten mendi- martxa antolatzen du Joko Alai elkarteak. Kirola eginez herrian dauden hogei ermitatik gora zeharkatzen dituen ibilbidea antolatzen du herriaren historia eta aldi berean inguruak ezagutarazteko helburuarekin. Ipizki taldeak, ostera,  Zeanuriko errotarik errota beste ibilaldi eder bat antolatzen du maiatzeko lehen asteburuan.

Hau guztia esanda, zer hobeto Zeanurira hurbildu eta gure altxorrak bertatik bertara ezagutzea baino. Badakizu, irailaren 27tik 29rako asteburua aproposa izan daiteke horretarako!

NOLA IRITSI ZEANURIRA?

BILBOTIK (33 Km)
  • A-8 DONOSTI noranzkoa hartuta
  • 105 irteera hartuta: GALDAKAOKO OSPITALEA
  • N-240 GASTEIZ-VITORIA noranzkoa hartuta
GASTEIZTIK (41 Km)
  • N-240 BILBO noranzkoa hartuta
DONOSTIATIK (107 Km)
  • A-8 BILBO noranzkoa hartuta
  • 105 irteera hartuta: GALDAKAOKO OSPITALEA
  • N-240 GASTEIZ-VITORIA noranzkoa hartuta